XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Akats galantik ere somatzen die herrikideei.

Harrokeria, inbidia eta eskertxarretik gainez eginak bizi omen dira Larramendiren irudipenerako.

Harrokeria odol harrotasunarekin beste ataletan sakonki aztertzen duen gaia zerikusian jartzen du, eta gipuzkoarrek berdintasun erradikal batetarako joeraren arriskua dutela erizten du.

Inbidiari dagokionez Gipuzkoak ere soberan daukala aipatzen du, eta arrotzekiko baino bizilagunekiko gehiago dela zehazten.

Eskertxarraren joerari dagokionez berriz, opariak ekartzen ditu adibide gisara; Larramendiren ustetan edozein motatako opariak direla ere estimu gutxi jasotzen da Gipuzkoako herritarren aldetik, izan ere aurreko zorren baten ordaintzat omen dute eskura datorkien den-dena.

Azkenik, gipuzkoarren izaerari egozten dizkion akatsei erremediorik ere aurkitzen die: etxe zulotik irten eta beste lurralde eta giroekin harremanetan jartzearekin ezabatuko lirateke bizio eta bekazkeriok.

IV.4.- Larramendi Geografilari

Gaztelan eta, orohar, Espainian, Euskal Herriko geografiaz aspaldidanik azaltzen zuten ezjakituria nabarmena zen, eta are nabarmenagoa toki, herri edo izen zehatzen kokapenari buruzkoa.

Aita Manuelen ikuspuntutik ezjakituri nabarmen horrek erantzun egoki bat merezi zuen, batez ere beste atalen batean aipatu den Aita Murillok Geografia Histórica obran euskal lurraldeetako izen propioekin sortzen zituen nahaste-borrasteei zegokionez.

Larramendiren erreakzioan, berehalako helburua toponimiaren akatsok bere onera ekartzea izan zen, baina horretan geratu gabe, Gipuzkoaren deskribapen zehatz-mehatza egitera jo zuen: zertan zen Gipuzkoa fisikoki eta zertan ziren bertako gizakien usario eta biziera; eta horri, gainera, tratatu moral, juridiko eta politiko bat erantsi zion.